ARKITEKTOA
Biografia
Cesar Pelli
1926. urtean jaio zen Tucuman-en (Argentina). Tucuman-eko Unibertsitate
Nazionalean ikasi zuen, eta bere ikasketak Estatu Batuetako Illinois-eko
Unibertsitatean bukatu zituen, Urbana-Champaign-eko Arkitektura Eskolan. Bere
herrialdera itzuli eta bertan 1952. urtera arte lan egin zuen. Urte horretan
Estatu Batuetara bizitzera joan eta bertan lan egiten hasi zen, herrialde
horretako nazionalitatea lortuz 1964. urtean.
Gaur egun
Connecticut-eko New Haven hirian finkatuta dago eta Pelli Clarke Pelli estudioa zuzentzen du 1977. urtetik. Hala ere,
bere estudio propioa ireki arte Eero Saarinen bezalako arkitektoarekin lan egin
du, bai eta Los Angeles hiriko enpresa garrantzitsuetan. Yale-ko
Unibertsitatearen Arkitektura fakultatearen dekanoa ere izan zen 1977-84 urteen
bitartean. Bere obrarik ezagunena Kuala Lumpur-eko (Malaysia) Petronas Dorre
bikiak dira, 1998-tik 2004-ra munduko eraikin garaienak izan zirenak.
Etapak
Bere obra
eboluzionatuz joan da. Horrela bada, bere lana lau atal ezberdinetan zatitu
dugu, nahiz eta ofizialki garai ezberdinak dokumentatuak ez izan arkitekto
honek. Garai hauek hurrengoak lirateke:
-Eero Saarinen (1954-1964): Pelli Saarinen-en estudioan lan egiten du. Teknika eta adierazkor-
tasunaren arteko dualtasuna. Adibideak: TWA terminala, New York-eko John F.
Kennedy aireportuan (1956-62); eta Morse eta Ezra Stiles eskola egoitzak,
Yale-ko Unibertsitatean (1961).
-Arrazionalismoa (1964-1976): Los Angeles-eko bi enpresa handien Diseinu Zuzendari bezala lan egiten du.
Beira abstraktuen itxituretan interesa. Obra sinpleak, azkarrak eta aurrekontu
baxukoak. Hala ere, sinpletasun hau proiektuak azkar egin behar zirelako gertatu
zen, aurrekontu baxuekin.
-Intuitismoa (1977-1998): New Haven hirian. Cesar Pelli & Associates (gaur egun Pelli Clarke
Pelli Architects) ireki. Proiektatzeko askatasuna. Ekarpen berriak erakutsi.
Veneziako Bienale-rako eraikitzen duen egoitzarekin (1976) irudi berrien
munduan sartzen da, eta askatasun eta segurtasun sentsazio garbia erakusten du
beregan. Muga bakarrak bezeroen aurrekontuak.
-Dorreak (1998- gaur egun): 1998. urtean Malaysiako Kuala Lumpur hirian Petronas dorre bikiak.
Inflexio puntua. Izugarrizko fama hartu eta dorreak egiteko eskariak jaso, gaur
egun arte. Gortina hormak. Jasangarritasun kontzeptuak landu. Iberdrola dorrea
etapa honen barruan sartzen da.
Obrak
Gehienbat
eraikin altuak, dorreak, egin ditu. Proiektatzerako orduan gehiago gustatzen
zaizkion enkarguak dira, eta gehien jasotzen dituenak. Bere obren artean
famatuenak Petronas dorre bikiak (Kuala Lumpur) dira, noski. bere 452 metroko
garaierarekin (88 solairu), munduko eraikin altuenak izan ziren 2003ra arte.
Esanguratsua da ere New Yorkeko World Financial Center.
Horretaz
gain, Hego Amerikako dorre garaiena egin du (Gran Torre Santiago en Costanera
Center -300m-, Txile), Espainiako eraikin altuena (Torre de Cristal -249m-,
Madrid), Andaluzia osoko eraikin garaiena proiektatu du (Torre Sevilla -178m-,
Sevilla), baita Torre Mitikah ere -267m-, Mexiko Hirian.
Baina ez ditu
soilik dorreak egin: Diseinu, kultura eta arte zentruak egin ditu ere (Pacific
Design Center, Kalifornia). Aireportuak (Ronald Reagan Aireportu Nazionala,
Washington). Unibertsitateak (kanpusa
Cordoban, Argentina). Liburutegiak (Minneapolis Central Library).
Jasangarritasun estrategiak
-LEED ziurtagiria: Eraikin
jasangarrien ziurtatze sistema bat da. US
Green Building Council konseiluak garatu eta bultzatuta, 1998. urtean
inplantatu egin zen eta erabilera boluntariokoa da. Pelli Clarke Pelli
estudioan:
-Argiztapena eta tenperatura:
Gortina hormak, eguzkitzapena, kontrol solarra, babes eta kontrol elementuak,
gardentasuna, beira, patioak, dorreak, sakonera motzak, argi naturalaren
aprobetxamendua, argi artifizialaren murrizketa, partizio garden eta
transluzidoak, beira inprimatuak, erlaitzak…
-Begetazioa:
Estalki berdeak, landaredia, baldintza higrotermikoak hobetzea, uraren aprobetxamendua,
-Materialak: Material birzkilatuak, material naturalak,
material lokalak, beira (gardentasuna)…
-Beste estrategia batzuk: LED iluminazioa, sistema inteligenteak, baliabideen
berreskurapena, hondakinen kudeaketa jasangarria…
ERAIKINA
Informazio
orokorra
Pelli Clarke Pelli arkitektura bulegoaren eskutik diseinatua, Iñigo Ortiz eta Enrique León
arkitektoek kolaboratu zuten. 2007ko martxoaren 19an hasi zen eraikitzen, eta
1413 egun geroago, 2012. urteko otsailaren 21an estreinatu zen, nahiz eta 2011.
urtean jada eraikia egon.
Iberdrola
Dorrea lehen egondako Torre Foral
proiektuaren ordezkoa da, hau arrazoi ekonomikoengatik deuseztatu zen
momentutik. Dorre hau Bizkaiko Foru
Aldundiak hiritik sakabanatutako bulegoak bateratzeko helburua zuen.
Iberdrola
energia enpresaren egoitza nagusia da. Hasieratik eraikinaren jabego totala
eduki zuen, baina BBK bizkaitar
kutxak eraikinaren %33-a erosi zuen geroago. Lehen 6 solairuetan Abba
enpresaren hotel bat jartzea pentsatu zen, baina BBK-ak eraikinaren parte erostean ideia horri uko egin zitzaion.
Gaur egun, dorrearen 10 solairu Iberdrolaren erabilerakoak dira, 6 Kutxabank enpresarentzat, eta beste 18
solairu alokatzeko bulego espazioak dira.
Abandoibarra zonaldean
kokatzen da eta Bilboko hirigintza eraldaketaren ikur bat da, Guggenheim Museoarekin, Euskalduna Jauregiarekin, Isozaki Atearekin… batera. Nerbioi itsasadarretik metro eskasetara
dago, horrekin erlazio zuzena edukiz. Lorategi eta parkez inguratuta dago,
baita eraikin historiko eta modernoetaz ere.
Guztira 165
metroko altuera du eta 41 solairu ditu. Ezaugarri hauekin, Euskal Herriko
eraikin garaiena da, eta estatuko zazpigarrena. Bilboko skyline-an altxatzen den ikur bat da gaur egun dorre moderno hau.
Lehen, Bilboko eraikin altuena BBVA egoitzaren
Abandoko eraikina zen (88 m), eta Euskal Herriko altuena, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) zentruko
dorrea zen (98 m). Egun badakigu botere ekonomikoak irudikatzeko eta propaganda
egiteko arkitektura erabiltzen dela, eta eraikinen altuera eta izugarritasunaz
baliatuz lehiatzen dela. Gaur egun herrialde arabiarren artean dagoen moda hau,
historian zehar behin eta berriz azaldutako lehia da (Eliza garai barrokoan,
Italiako dorre eta kanpandorreak…).
Antzeko
eraikinak
Cesar Pellik
honen antzekoak diren eraikin asko gauzatu ditu, hau da, ez da diseinu berriztagarri
edo esklusiboegi bat. Beirazko gortina
hormak dituzten dorreen adibideak amaigabeak dira argentinar arkitektoaren
kurrikulumean.
Harrera gunearen
diseinua Torre Banco Macro eta FMC Dorreak dituztenei gogorarazten
gaitu. Bestalde, oinean antzera asko ditu Singapureko Ocean Financial Centre-kin. Antzerakotasun gehienak dituen eraikina
Torre Sevilla da. Biak garai berean
proiektatu eta eraiki ziren (Sevillakoa pixka bat lehenago proiektatu eta
beranduago amaitu zen). Kanpoaldekotik eraikin bera dirudite, desberdintasun
bakarrarekin: Andaluziakoa eraztun formako erlaitz gorrixka bazuk ditu solairu
bakoitzean, hegoaldeko eguzkitik babesteko.
Testuingurua
-Bilbo
Esan bezala,
Bilboko ikur ekonomikoa da gaur egun. Nahiz eta garaiera horrekin hiriko
paisaian eta zeruan nabarmendu, hirigintza aldetik ondo txertatu dela esan
dezakegu. Izan ere, bere izaera fisikoa lagundu egin du: Beirazko fatxada
ingurua islatzen du, inguruko mendiak eta eraikinak bertan proiektatuz. Honek
lekuarekiko erlazioa areagotzen du, Miesek Berlineko Friedrichstrasse lehiaketarako proiektatu zuen dorrearen ekarpenen
eraginpean.
Horretaz
gain, kokapen estrategikoa du hiriaren plangintzan. 1876. urtean Alzola,
Achucarro eta Hoffmeyer arkitekto eta ingenieroen Bilboko zabalkunderako planeamenduan
erabat integratua geratu da. Honek proposatzen zituen Moyua inguruko beso
erradialak azken urteetako interbentzioekin uztartuta geratu dira. Bilbo, beti
bezala, obra berriak aurre existentziekin era bikainean uztartzen.
Horrela,
kutsu barrokoa duen sare horrek erradialki lotzen ditu Isozaki atea, Zubizuri, La Salve zubia, Alhondiga,
Indautxuko plaza… Moyua erdigunearekin.
Gauza bera gertatzen da Iberdrola dorrearekin. Hau ez dago soilik beso horien
buruan kokatuta. Horretaz gain, bere sarrera eta forma erdigune horretara
zuzenduak daude. Horrela, Moyuako plazaren erdian kokatzekotan, Elkano kalearen amaieran dorrea ikusiko
dugu, Erroma barrokoaren obelisko bat balitz bezala. Gainera, Elkano kalean
pixka bat ibiltzekotan, momentu batez botere sindikala, ekonomikoa eta
erlijiosoak ikusiko ditugu. UGT, Iberdrola dorrea eta San Jose eliza.
-Abandoibarra
Gune berri
horren azalera gehiena Abandoibarrako Master Planaren barruan kokatzen dira.
Hau, Pelliren estudio bera proiektatu zuen, eta bertan jada Iberdrola dorrearen
presentzia aurreikusten zen. Planaren helburua hiri berri eta jasangarri bat
sortzea zen, Nerbioi ibaira irekia egongo dena, eta jarduera ekonomikoa,
jarduera turistikoa, bizitegi erabilera eta aisialdi jarduerak bultzatuz.
Plana
aurretik zeuden elementu egituratzaileak kontuan izanda proiektatu zen, eta
hauei nolabaiteko jarraipena eman zaie.
Masterplanaren
emaitza maila altuko gune mamitsu bat da, non arkitekto famatuen eraikin
pilaketa bat dago: Iberdrola dorrea, César Pellirena; UPV/EHU-ko paraninfoa,
Alvaro Siza-rena; Deustuko Liburutegia, Rafael Moneoren diseinua, Guggenheim
Museoa, Frank Gehry-rena… eta horretaz gain, beste eraikin nabarmen batzuk,
hala nola: Deustuko zubia, Deustuko Unibertsitatea, Zubiarte merkatal zentroa,
Arte Ederretako museoa, Euskalduna Jauregia…. guzti hau parke eta berdegunez
inguraturik, ibaia proiektuaren egituratzailea bezala, eta tranbiaren
trazadurarekin inguraturik. Inguru paregabea.
Konposizioa
Esan bezala,
fatxadak inklinatuak daude, zenbat eta gorago orduan eta estuagoak direlako solairuak,
lerdentasun sentsazioa areagotuz. Hori geometrizatzeko, behe solairuko oina
kilometro batera dagoen puntu batekin zuzenez elkartzean osatzen den forma
tronko-konikoa da.
Aipatzekoa da
Pellik ahalik eta zutabe gutxien jartzeko joera du, hau da, hauen sekzio
eraginkorra handituz zutabeak murrizteko aukera ematen du. Baina Pelli-ren
estilo propioa ez da soilik honetan islatzen; zutabeak erpinetatik ezabatzeko
nahia aurkezten dute beti bere eraikinak. Bere ustez, erpinetan gauzak
gertatzen dira, leku bereziak dira, eta horiek zutabeekin ez oztopatzea
oinarrizkoa da. Izan ere, angeluak leku estrategikoak dira, eta angelu
zorrotzetik sarrera kokatzen da behe plantan.
Egungo dorre
gehienak bezala, eta Pelliren estilokoa den bezala, komunikabide eta instalazio
nukleo bat planteatzen da, saihets-hezur bat bezala, eta horretatik solairuak
ateratzen dira perimetralki, bandejak balira bezala. Sistema hau oso
eraginkorra da estrukturalki, eta baita ere argi naturalaren aprobetxamendurako
estrategia bikaina.
Antolamendua
Lehen aipatu
dugun bezala, 41 solairu ditu. Behekaldean, kaleko kotan, harrera gunea du
altuera bikoitzeko espazio batean eta espazio honetatik behatu ahal den bezala,
tarte solairu bat du langileentzako jatetxearekin. Iberdrolak 10 solairu
okupatzen ditu, Kutxabank taldea 6, eta bestelakoak, alokatzeko bulego solairu
pribatuak dira. Solairu batzuk teknikoak dira instalakuntzetarako. Estalkian
heliportu bat du, Bizkaian eraikin pribatu baten gainean dagoen bakarra, eta
osasun larrialditarako erabiltzen dena. Fatxaden erpinetan iluminazio balizak
ditu, aire espazioaren segurtasun elementu gisa.
Harrera gunea
Behe
solairuan eraikinaren sarrera nagusia dago. Aterpe kurbo eta luze batek
ongietorria ematen digu. Elementu hau benetan da erabilgarria egun euritsuetan,
kalean euritik babesteko aukera ematen duelako. Erlaitz hau boladizoan dago eta
erdian beirazkoa da argia pasatzen usteko. Elementu hau eraikinaren barrualdera
hedatzen da. Sarrera txikitik altuera bikoitzeko espazio erraldoi eta argitsu
batera pasatzen gara. Harrera gunean gaude.
Honetan
informazio puntua dago, eta honen atzean, komunikazio nukleoa. Nukleoaren
alboetan espazio zabal eta argitsuak aurkitu ditzakegu, non artelanak,
argazkiak, eraikinaren maketa, landaredia… espazio hornitzen duten. Atentzioa
deitzen du albo batera dagoen eskalinata helikoidala. Hau tarte solairu batera
igotzeko aukera ematen du, non jatetxea eta espazio komunak dauden. Gorago
dauden solairuetara joateko, lehendabizi torno batzuetatik pasa behar gara
txartel batekin. Ez genuen txartelarik, beraz, gure bisita hemen amaitu zen.
Lobby-a
dorrearen lotura da lurzoruarekiko. Trantsizio elementua delako, izaera
desberdina du. Ohiko itxituratik ateratzen den gainazal erregelatu eta
sinusoidal batek kanpo eta barruko espazioen muga bitxiaren funtzioa egiten du.
Hau, nola ez, beirazkoa da eta efektu ederra eragiten du, bisitariak
liluraturik uzteko.
Materialak
Egitura
hormigoi armatuzkoa da eta fatxada altzairu, aluminio eta beirazko gortina
hormaz osatuta dago. Sarrerako atrioan barne banaketak eta sabaiak astigar
naturaleko egurrezko akabera dute, eta zoruak marmol trabertinozkoak dira.
Orokorrean Pellik beti jolasten du material multzo honekin.
Komunikazio
nukleoan ere erabili da marmol trabertinoa zoruak ebazteko. Hormak montsegur kareharrizkoak dira altzairu
herdoilezinezko erremateekin. LED argiztapena sabai faltsu apaingarri batean
enpotratutako elementuen bidez osatzen da gune honetan. Komunetan paramentu
bertikalak marmolezkoak dira, zoruak bezala, eta sabaiak pladurrezkoak instalazioak
estaltzeko.
Bulegoen
zorua hautsaren kontrako pintura batekin margotu da. 60 zentimetroko sabai
faltsu bat dute metalezko bandeja zulatuekin eginda eta 20 zentimetroko zoru
teknikoa ere badago. Zoru hau modulatua dago eta erregistragarria da bulegoen
distribuzio malgutasuna ahalbidetzen du. Bestalde, zorua suarekiko
erresistentea den anhidritazkoa da.
Segurtasun
elementuak
Barruko
segurtasuna bermatzeko sistema itxia du, kamara, mugimendu-detektore eta
megafoniarekin. Sarreren kontrola identifikazio torno batzuekin egiten da.
Aparkalekuan barrerak ere daude, txartel pribatuarekin funtzionatzen direnak.
Paketeak eta gutunak jasotzeko segurtasun neurriak hartzen dira ere.
Suteen
aurkako babesari dagokionez, detektorez betea dago eraikina. Zutabe lehorrak
ditu komunikabide nukleoan. Sute ahoak daude ere. Extintoreak eta itzalgailu
automatikoak anitzak dira.
Beheko
solairuan beirazko itxitura kolpeetatik babesteko sistema konpositiboak
erabiltzen dira. Transitoa mugatzen dituzten begetazio perimetroak daude honen
inguruan, horrela, segurtasun distantzia bat ezartzen da beirarekiko.
JASANGARRITASUNA
Energiaren
optimizazio sistemak direla eta, energia kontsumoa %20an murrizten da.
Aireztapena fatxada aktibo bitartez gauzatzen da, eta gortina horma bikoitza
du, non tarteko aire ganbara beroa berreskuratzeko sistema duen. Elektrizitate
kontsumoa ere %20 batean murrizten da, eta urarena %40 batean, erabilera logiko
bat praktikatuz.
Argi naturala
eta babesa
Itxitura osoa
beira gardenazkoa da, horregatik argi naturalaren aprobetxamendua maximoa da.
Beira hauek lauak dira fatxadaren kurba erradioa handia delako eta pieza asko
daudelako. Hauek gehiegizko UV erradiazioaren kontrako babesa dute, eta gainera
solairuen goiko aldean inprimatutako puntu opako txikiak dituzte, begira
ikusezinak, baina udan gehiegizko berotzea ez egoteari laguntzen dutenak.
Bestalde,
aipatzekoa da barne partizio gehienak transluzido edo gardenak direla. Horretaz
gain, kontuan hartu behar dira erreflektibitate altuko material eta koloreak
erabiltzen direla bai bulegoetan eta bai lobby-an.
Kondentsazioa
Beira
bikoitzeko fatxada denez, aire ganbera estankoaren airea mugiarazten da
etengabe. Besteak beste, aire beroa edo lehorra botatzen da aire irteera
batzuetatik. Horrela, kondentsazioa ekiditzen da, batez ere eraikinaren kanpoko
tenperatura oso baxua denean. Hau ez egotekotan ur lurrinaren kondentsazioa
gertatuko zen, beira konduktibitate termiko handiko materiala baita eta zubi
termikoa eratzen du.
Uraren kudeaketa
Komunen
konketetan erabiltzen diren ur grisak M1 solairuan dagoen filtro eta ponpaketa
zentro batetik pasarazten dira geroago 2. eta 29. solairuen arteko komunen
urinario eta sanitarioetan berrerabiltzeko. Estalkian jasotzen diren euri-urak, eraikin
osoan zehar dauden landareak, eta eraikinaren kanpo dauden berdeguneak
ureztatzeko berrerabiltzen da.
Bestalde, grifoak
elektronikoak dira, eta pixatoki eta komunen deskarga bolumena mugatua dago.
Hau guztiarekin, ur eskariaren %40a aurrezten da.
Igogailuak
Guztira azken
generazioko 22 igogailu ditu dorrea. Hauek bateria desberdinetan antolatzen
dira, segun non dauden eta nora ailegatzen diren. Horrela, solairu zehatz
batera igotzeko igogailu multzo zehatz bat erabiliko da, bidaiak luzeegiak eta
geldialdi askorekin ez izatekoak. Horretarako Miconic 10 eta Schindler ID
teknologia erabiltzen dute. Sistema desplazamenduen trafikoa kudeatzen du era
eraginkor eta logikoago batean, maniobrak eta geldialdiak murriztuz eta
erabiltzaileari ahalik eta azkarren eramaten bere helmugara. Solairu berera bidaiatzen
duten pertsonak elkartuz geldiuneak saihesten dira.
Lorategiak
eta berdeguneak
Dorrearen
inguruak berdegunez beteta daude. Pelliren estudio bera gauzatu zuen lorategi
hauen diseinua urbanizazio osoan zehar. Eraikinaren barrualdean, lobbyan,
zenbait zuhaitz daude, eta landareak eta belarrak ere. Hauek barruko
espazioaren baldintza eta konfort higrotermikoak hobetu eta orekatzeari lagundu
egiten dute. Horretaz gain, lehen aipatu dugunez, belardiek ere segurtasun
funtzioa dute.
Materialak
Materialen %20a
birziklatua dela bermatzen da. Besteak beste, Abandoibarran lehen egondako
trenbideen hormigoia berrerabili izan da eraikinaren egitura eta zimentazioa
egiteko. Bestalde, baieztatzen da behintzat materialen %20a zonaldeko
materialak direla, hauen garraiorako kontsumo eta kosteak aurreztuz.
KONKLUSIO KRITIKOA
Kontra
Konpositiboki
ez da interes bereziko eraikin bat. Dorre bat izateko diseinu ona du, baina ez
da Pellik egindako lan hoberen artean kokatzen, nahiko sinple eta estandarra
delako. Pellik egindako ekarpen arkitektoniko gehienak aplikatzen ditu baina
emaitza sinple batekin. Hau agian lorpen bat izan ahal da, eraikin hain
konplexu eta landu bat emaitza hain sinple bat aurkeztea.
Bestalde,
gure ustez eraikina benetan eza da oso jasangarria, beirazko itxitura horrek
galera termiko handiak dituelako neguan, eta udan beirek sortzen duten negutegi
efektuarekin labe bat bihurtu ahal delako. Baliteke hegoaldean eguzki kaptazioa
egiteko ondo egotea beiraren erabilera, baina iparraldeko aurpegian ere erabiltzen
da gortina horma sistema bera. Dudarik gabe, hau da gure ustez eraikinaren oker
edo huts egite nagusiena.
Horretaz
gain, zalantzagarria dorrearen tipoa, komunikabide nukleoa oso potoloa delako
eta eraikinaren azalera amaigabea zanpatzen duelako. Oina ikusiz, solairu erdia
igogailuak, eskailerak eta komunak dira. Gainera, egunoro bizitzan agian ez da
erosoena langile batentzako goraka eta beheraka egotea.
Alde
Dudarik gabe
Bilboko birgaiketaren mugarri nagusietako bat da Guggenheim museoarekin batera.
Abandoibarrako gunea hiri garaikide, funtzional eta jasangarri batean
bilakatzeko pieza klabea izan da. Bestalde, Bilboko ekonomiaren ikur nagusiena
da. Gainera, hiriak turismoa erakartzeko estrategian lagundu egiten du,
bisitariek zonalde horretan egoten baitira hiria ezagutzen. Hiri potente
guztiak bezala, Bilbok ere dorre bat du. Ez da Dubai, ezta New York ere ez,
baina Europako metropoli nagusienetako bat bezala horrelako eraikinak edukitzea
garrantzitsua da.
Dorrea ederra
dela uste dugu, orokorrean biztanleriak gustuko duen erakin bat delako. Dorre
bat izateko, bere inpaktu negatiboa hirian minimoa edo nulua izan da. Bilboko
sare urbanoan eta paisaian integratua geratu da, lehen aztertu dugunez.
Errekurtsoen
erabilerari dagokionez, nahiko ondo aprobetxatzen ditu eta jasangarritasunaren
aldeko apustua egiten du, nahiz eta benetan guztiz jasangarria den eraikin bat
ez izan. Hala ere, energetikoki ondo funtzionatzen du, kontsumo minimoa duelako
halako erabilerako eraikin bat izateko. Baliabideen kontsumo arrazionala egiten
du bere sistema desberdinen bitartez.
Funtzionaltasunari
dagokionez, bulegoen baldintza arkitektonikoak eta instalazioak optimoak dira.
Lanerako gune argitsua da, naturalki argitsua, eta efizientzia hobetzen
dituzten zenbait sistema ditu. Solairuen malgutasuna determinantea da,
horrelako eraikinetan aldaketak etengabeak direlako, bai distribuzioan eta bai
enpresen sartu-irtenetan.
BIOGRAFIA
-J. CROSBIE, MICHAEL (2005).
Curtain walls, recent developments by
Cesar Pelli & Associates. Birkhäuser.
-J. CROSBIE, MICHAEL (2013). Pelli
Clarke Pelli Architects.. Birkhäuser.
-PASTIER, JOHN (1981). Cesar Pelli. Editorial
Gustavo Gili.
- J. CROSBIE, MICHAEL-en sarrera (1993). Cesar Pelli: Selected and Current Works. The Images Publishing
Group
-PELLI, CESAR (1985). Cesar Pelli.
A+ U
- J. CROSBIE, MICHAEL (1998). Cesar
Pelli: recent themes. BirkhäuseE
-IBERDROLA DORREA (2016). Webgunea. www.torreiberdrola.es
No hay comentarios:
Publicar un comentario